Mundu-ikuspegi berria
irekitzen dute terapia prozesuek.

ZER DA BARETU

Baretu psikoterapia zentroa da, eta Donostiako erdigunean topatuko gaituzu. Terapia eta harreman terapeutikoa lantzerakoan orientazio gestaltikoa dugu oinarri. Gestalt terapia humanistaren arabera, gizakia berez da gai bere burua era osasuntsuan garatzeko, bere buruaren eta besteekiko harremanen kontzientzia daukan heinean, behintzat. Garapen pertsonal hori lortzeko, Gestalt terapiak norbanakoaren hainbat alderdiri erreparatzen die: emozionalari, kognitiboari eta baita gorputzari ere. Izan ere, alderdi hauek elkarren artean gatazkan daudenean, ondoeza (larritasuna, depresioa, antsietatea...) eragiten digute. Terapiaren bidez, guztiak bateratzen saiatzen gara, era horretan norbanakoa bere osotasunean ulertzeko. Nork bere buruarekiko jakintzari eta garapen pertsonalari ekiterakoan, Gestalt terapiak printzipio hauek ditu oinarri:
Hemen eta Orain

Hemen dagoena hartzea aintzat (aurrean daukagunari erreparatzea, eta ez hainbeste ez dagoenari) eta orain dagoena balioestea (oraingoa, eta ez iragana edo etorkizun dena).

Arreta eta esperientzia kontuan hartzea

Orainaz jabetzearen esperientzia, hau da, “kontzientzia-hartzea” deritzoguna.

Erantzukizuna eta konpromisoa

Terapia gestaltikoak egin, esan, ekidin edota desio dugunaren ardura hartzera gonbidatzen gaitu, gu geu geure buruaren ezagutzaren protagonista izan gaitezen, eta geure garapen pertsonalerako prozesuarekin konpromisoa har dezagun.



ZER ESKAINTZEN DUGU

Banakako eta bikoteentzako terapia

Banakako terapia.
Pazienteari bere burua ezagutzeko prozesuan laguntzen diogu. Bide horretan, sortzen diren krisiei eta ondoezari erreparatzeko aukera izango dugu, norbanakoan zentratuta, arreta haren bizipenetan eta besteekin dituen harremanetan jarrita, hau da, norbanakoa bera ardatz hartuta. Harreman terapeutikoak, gainera, hainbat sintomaren atzean (antsietatea, depresioa, blokeo emozionala, etab.) gordeta dauden eragileetan sakontzeko bidea eskainiko digu. Terapia garapen pertsonalerako prozesu dela ulertzen dugu: terapia bidea da, gure ahalmena guztiz garatu ahal izateko zer oztopo edo zailtasun ditugun ezagutaraziko digun bidea, hain zuzen ere. Horretarako, terapiako jarduna asteroko saioetan jorratzen dugu, oro har. Dena den, saioen maiztasuna terapeutaren eta pazientearen artean adostekoa da.

Bikoteentzako terapia.
Bikote harremanaren barruan sortutako gatazkei aurre egiteko beharra sortzen denean, bikoteko bi kideekin batera egiten dugu lan. Bien artean zein patroi edo jokamolde eraiki diren aztertuko dugu lehenengo, arreta bereziki elkar asebetetzen ez duten patroietan jarrita. Ondoren, arazoei konponbide iraunkorra bilatze aldera, terapeutak jarraibideak, ariketak eta negoziaziorako aukerak proposatuko dizkie pazienteei. Bi kideen parte hartze aktiboa ezinbestekoa da, terapeuta bide-lagun, harremanaren sistemari antzemateko eta sistema hori egokitu ahal izateko. Bikote harremana bizitzarako eskola eta garapen pertsonalerako egokiera izan daitekeelakoan gaude. Hori dela eta, harremana bere onera ekarri nahi izateak berarekin dakar bikotekide bakoitzaren garapen pertsonalari dagozkion alderdiak ere lantzea. Hala, zenbaitetan bikote-terapiaren barruan aurrera egin ahal izateko, beharrezkoa gerta liteke banakako terapia-saio batzuk ere tartekatzea, bikotekide bakoitzaren alderdi eta norbanakoaren beharrei arreta jartzeko.

Lehenengo saioa, kasuan kasuko esku hartzeko modurik egokiena zehazteko baliatzen duguna, doan eskaintzen dugu.

Nor gara

Oihana Salazar Badiola
– Euskal Herriko Unibertsitatean Psikologian Lizentziatua
–Gestalt Terapian ikasketak, Gestalt Euskal Eskolan
Gestalt Euskal Eskolaren kolaboratzailea
– AETGko kide
– Elkargokide Zenbakia: GZ-02064

Non gaude

General Etxague kalea 6, behekaldea eskubia. 20003 Donostia

BLOGA

Harremanetarako